BIDANKOZEKO INAUTERIA

 

     Mutilak ostegun gizen arratsaldean mozorrotzen ziren. Zapi batekin estaltzen zuten aurpegia txantxo horiek eta eskean ibiltzen ziren etxez etxe. Eramaten zuten saski bat, arrautzak gordetzeko; “gerren” bat, urdaiazpikoa erretzeko; eta plater bat, dirua biltzeko. Plater hori koloretako zapi batekin estali eta, txanponez beteta ikusten zutenean, txanponak zapi azpian gordetzen zituzten. Bat uzten zuten agerian, erreklamo moduan.

    Bildutako diruarekin afaldu egiten zuten. Postretarako etxean egindako erroskillak jaten zituzten. Bidankozen, Inauteri aurretik, ostegun “txulardero”-n erroska bat ematen zieten aitamabitxiek haur besoetakoei.

     Larunbat iluntzean, Kinkuagesimako igande bezperan, mutil gazteak tabernan biltzen ziren, eta haietako bizpahiruk mozorroak ekartzen zituzten Erronkaritik.

     Igande arratsaldeko azken partean, mutil gazteak ostatura biltzen ziren eta “ardo errea” edaten zuten, honela paratzen zena: jartzen zuten eltze bat sutan, ardoz betea; ateratzen zuten burruntzalikada bat ardo, azukre koskor bat ardotan urtu eta su ematen zioten. Sartzen zuten burduntzalia eltzean eta eltzeko ardoak ere su hartzen zuen; ondoren, eltzeko ardoari eragiten zioten ezpelezko burduntzali horrekin. “Ardo errea”-ri botatzen zioten kanela zotza, piku pasak, melokotoiak, sagarrak, okaran pasak, kaskabil garraztatuak eta azukrea.

     Hori dena edaria paratzen zuen pertsonaren gustura. Ardoa edan eta gazteek inauterien aldarria egiten zuten. Ahalik eta zaratarik handiena eginez ibiltzen ziren herrian, nahas-mahas. “Txantxo” batzuk mozorroturik ibiltzen ziren; eta joareak jotzen zituzten, irrintzi egiten zuten bitartean. Herriko txantxo batzuek mutikoak jotzen zituzten zumezko makilekin; haiek, berriz, etxera egiten zuten alde bizkor-bizkor.

   Hasierako tokian bukatzen zuten ibilera gazteek: tabernan, alegia. Astelehenean ospakizun bakarra izaten zen mutil gazteek ostatuan egiten zuten afaria. Inauteri asteartea jai eguna izaten zen.

    Goizetik, txantxoak kalez kale ibiltzen ziren, dunbak eta joareak jotzen. Eguerdian mahaian eseri eta ardiki gisatua bazkaltzen zuten, intxaurrekin edo gaztarekin. Ardoa edaten zuten, jakina. Arratsaldean, kaleetan errondan ibiltzen ziren, eskusoinua, gitarra eta panderoa jotzen; diru bilketa egiten zuten. Musikoak joaten ziren taldearen buruan eta, atzetik lau gazte, Erronkariko jantziekin. Horietako bi, neska jantzita; beste biak, mutil jantzita. Haien atzetik, mutil gazteak joaten ziren, arrautzak batzeko saskiarekin; dirua biltzeko azpilarekin (koloretako zapi batekin estalita); eta txorizoa, urdaia eta urdaiazpikoa eramateko gerrenarekin. Erronkariko jantziekin jantzitako bi bikoteek jota bat dantzatzen zuten etxe bakoitzaren aurrean; bitartean txantxo batzuek dirua biltzen zuten eta gainontzekoek haurren eta nesken atzetik korrika egiten zuten. Bidankozen neskak ez ziren mozorrotzen. Eskean jasotakoarekin gazteek afaria egiten zuten, herriko gizon ezkonduekin batera. Afal ondoren, berriz edaten zuten “ardoa errea”. Eskean asko bilduz gero, hurrengo igandean berriz afaltzen zuten