JANTZIAK

 

     Janzkera da, “uskera”-rekin batera, Erronkariko ezaugarri garrantzitsuenetako bat. Erronkariko jantziak aberatsak eta dotoreak dira, ibarreko biztanleen nortasun historikoari eta noblezia mailari dagokien bezala.

     Gizonezkoen janzkia oihal beltzez egiten da eta osagai hauek dauzka: jaka, barnekoa, galtza motzak -belaun azpian borladun txirikordekin lotutakoak- eta galtzerdi beltzak. Janzki horietaz gainera, oinetakoak, zilarrezko belarriarekin. Gerrian, gerriko morea. Ospakizunetan oihal beltzeko kapa bat janzten dute gainetik, azpildura moreduna. Azkenik, buruan, kapela beltza.

     Emakumezkoen soinekoen apaingarriak aberatsagoak dira gizonezkoenak baino. Bi soineko mota zeuden: ezkongaiena eta ezkonduena. Ezkonduek gona beltza janzten zuten eta ezkongaiek gona bikoitza, urdin kolorekoa, ertza gerrian lotuta, azpiko ehun gorria bistan. Gerritik gora, gerruntzea janzten zuten, aurre aldetik lokarriekin itxita, ertzetan urrezko edo zilarrezko xingolak zituztenak. Lepoan, kolore askotako kristalez egindako idunekoak eta apaingarri bat –bitxi izenekoa– belus beltzez egindako lokarri batetik zintzilik eramaten zutena. Mezatara mantelinak eramaten zituzten buruan, handi-handiak, erdizirkularrak, bordatuak eta ertzetan xingolazko edo zetazko zerrenda zabal bat zutenak. Ezkonduenak beltzak ziren; ezkongaienak, gorriak edo urdinak.

     Ibarreko ordenantzek jantzien fabrikazioa eta erabilera arautzen zuten.

     Oraindik ere 50eko hamarkadaren bukaeran eta 60eko hamarkadaren hasieran oraindik ere ikusten ziren agureak galtza motzetan Bidankozeko kaleetan. Gaur egun zenbait ekitaldi folklorikotan baino ez dira erabiltzen Erronkariko janzkiak.

     Nafarroako Gobernuak Erronkariko janzkia aukeratu du Nafarroako janzki ofizial moduan.