|
JAI ETA ERROMERIAK Bidankozeko jaiak ekainaren 29an ospatu izan dira beti, herriko patroia San Pedro da eta. Duela 30 bat urtetik hona, ordea, zergatik ez dakigula, San Agustin egunean (abuztuaren 28an) ospatzen dira herriko jai nagusiak. Aitzinean biak ospatzen ziren: San Pedroak, Udalak antolatuta; San Agustinak, kintoek. Badirudi lan kontuak izan zirela herriko gazteak San Agustin jaiak bakarrik ospatzera bultzatu zutenak. Izan ere, ekainaren bukaeran artzainak gazta egiten aritzen ziren eta almadiazainek eguraldi ona aprobetxatzen zutela zura prestatzeko. San Agustin jaiak
Badira beste ekitaldi batzuk jaiek irauten duten lau egunean egiten direnak. Abuztuaren 28ko meza, San Agustini eskainitakoa, egun herriko patroia da eta. Behin meza bukatuta, aho gozagarria antolatzen dute gazteek jubilatuentzat herriko etxean. “La llega” da tradizioetan zaharrenetariko bat eta, ziur asko, politena. Kintoak, soinujole batekin batera, etxez etxe joaten dira janari eta diru eske, afaria egiteko. Afarira herritar guztiak gonbidatzen dituzte. Etxeetan abestu eta dantzan egiten dute; pastak eta moskatela eskaintzen dizkiete, eskea gozatzeko, egun osoa iraun dezake eta. Oso aspaldikoa da tradizio hori, eta indar handia du ibarrean: ia herri guztietan egiten dira horrelako eskeak jaietan, ihauterietan edo Santa Ageda bezperan. Bada beste tradizio bat: gazta jana, garai batean desagertzear egon zena. Kintoek, Errotako Elkartearen laguntzarekin (lehen Udalaren laguntzarekin) herriko gazta meriendatzera gonbidatzen dituzte herritar eta bisitari guztiak. Dena den, bertara etortzea duzu onena jaiak nolakoak diren jakin nahi baduzu. Harrera ona egingo dizute, bisitariei abegi ona egitea baita nafarren ezaugarrietako bat, haiek hainbeste maite dutena. Beste erromeria batzuk San Sebastian eta San Migel jaiak ospatzen dira izen bereko ermitetako santuen omenez.
|