ABELTZAINTZA

    Abeltzaintza izan zen Erronkarin garatu zen lehen giza jarduera ekonomikoa eta mendeetan zehar etekinik handienak eman dizkiona.

    Aldi berean, huraxe da baliabide naturalen ustiapen guztietatik gehien eragin duena  paisaia eratzen.

    Ezer gutxi dakigu historiaurreko abeltzain primitibo haien bizimoduari buruz eta ustiatzen zituzten landareei buruz. Bestelako argibiderik ere ez dugu. Izan ere, haien aztarna bakarrak hildakoak lurperatzen zituzten trikuharriak dira.

    Uste izatekoa da orduan ere ustiatuko zituztela gaur egunera arte iritsi diren hiru abere mota nagusiak -ardiak, behiak eta zaldiak, alegia- eta udan bakarrik egongo zirela Erronkari alde honetan, elurrak eta larre ezak behe lurraldeetara joanaraziko zituen eta. Ziur aski, ez zuten bordarik izango, ez eta negurako behar zuten belarra gordetzerik ere.  Erronkariko artzain haiek transhumantzia egiten ote zuten Erriberara ordurako?

    Bai dago agirik, ordea, Erdi Aroan Erronkariko artaldeak Bardeetan eta Erriberan egoten zirela adierazten duenik. Hori dela eta, esan daiteke antzinatik egon dela transhumantzia Erronkariko eta Zaraitzuko goi larreetatik Erriberara eta Bardeetara.

    Erronkariko Komunitatea da Errege Bardeak partzuergoa osatzen duten entitateetako bat, antzinatik onartu baitzitzaion Bardeetako larreak erabiltzea.

    Ez da hain ezaguna, ordea, Erriberako artaldeak (Tuterakoak, batez ere) Erronkariko larreetara joaten zirela eta Erronkariko behi taldeak Bordeleko eta Gaskoniako Landeetara, XVI. mendeko agirietan jasotzen den bezala.

    Aziendak mendi aldetik behe aldeko larreetara joaten ziren, negua pasatzera. Antzina transhumantziako abelbideei altxunbide deitzen zioten eta, gaur egun, “cabañeras”. Joan-etorri horietan aziendek eskubidea zuten abelbideetatik pasatzeko. Tasak ordaindu behar izaten zituzten hainbat herri, gaztelu eta monasteriotatik pasatzeko. Abelbiderik ezagunena Erronkariko Errege Abelbidea da, Izaban hasi eta ibarra alderik alde zeharkatzen duena, iparraldetik hegoaldera. Izaban abiatu eta Bidankozetik pasatzen da; Las Coronas mendatera igotzen da; Ollarteko atakatik Illon-go leizera iristen da; hainbat paraje zeharkatzen ditu -Leire mendi katea, Leireko monasterioa, Zangoza, Xabier, Kaseda, Sierra de Peña, San Isidro de Pinar, Kasedako Bardea eta Errege Bardeak- Antso Abarkara iritsi aurretik.

    Abelbideak landatu gabe eta libre egon behar zutela jasotzen zen Erronkariko ordenantzetan, halako garrantzia handia zuten eta.

    Mendeetan 100.000 ardi inguru izan ziren ibarrean; abelburuak, berriz, 3.000-6.000 ziren.

    XX. mendearen hasieran behera egin zuen ardien kopuruak. 1975ean izan zen ardi gutxien Erronkari aldean: 15.000 ardi inguru, hain zuen.

    Goialdeko larreei bortu deitzen zaie eta estimu handikoak dira. Ibarreko larreak direnez, ibarreko herri guztietako aziendak bazka daitezke han. Halako malkorrak izanik, egokiak izaten dira arkumeak zailtzeko. Uda aldia motza izaten da: ez da hiru hilekoa izatera iristen.

    Artzainek artegi txikiak egiten zituzten, aziendak zaintzeko. Bordak ere bai, haitz arteko malkorretan edo “pikarretan”.

    Gaur egun artalde bakarra dago, urte osoan herrian bazkatzen dena, rasa ardi nafarrez osatutakoa (Aragoiko rasa ardiaren aldaera bera). Bada behi talde bat ere, urte osoan ibarretik irteten ez dena: neguan behiak ukuiluan egoten dira eta larreetan bildutako belar ondua jaten dute. Bai ardiak bai behiak borturik erosoenetan egoten dira, iristeko biderik errazena dutenetan, horrela jabeak aldian behin joaten dira ondo ote dauden ikustera. Gaur egun artzainak ez dira egoten  luzaroan bordetan, antzina bezala.

BASOGINTZA

    Antzinatik erabili ditu gizakiak basoko zuhaitzetako zura eta egurra. Baina zurak balio komertzialik izan ez zuen arte, ez zen basogintza jarduera ekonomiko bezala garrantzitsua izaten hasi. Herritik gertu bildu ohi da etxeetan su egiteko behar den egurra, eta bordak egiten diren lekuetan, haiek eraikitzen eta konpontzen erabili ohi den zura. Ustiapen mota horrek oso eragin txikia du basoetan.

    Enborrekin almadiak egin eta ibaian behera jaisten ziren, uretan ur gainean. Horixe izan zen enborrak garraiatzeko lehen bidea. Hari esker ustiatu ahal izan ziren basoak, zurak balio komertziala izan zuenean edo Erronkariko basoen berri izan zutenean ibarretik kanpo.

    Almadien garraiobidea ez zen Erronkarin bakarrik erabili. Izan ere, Pirinioetako ibar guztietan erabili ziren almadiak Iratitik Kataluniaraino. Aragoin ere erabili ziren, jakina.

    Jakina da 1407an lau dozena eta erdi izei eraman zituzten Erriberriko jauregia egiteko, Karlos III. Noblearen garaian.

    Zangozatik 150 almadia pasatu ziren 1515ean, Aragoi ibaian behera, 10.000 dukateko balioa zutenak. Almadia horietako asko Erronkarikoak ziren; beste batzuk, berriz, Aragoi Garaikoak.

    Baina Erronkariko basoak XVIII. mendean hasi ziren benetan ustiatzen, Itsas Armadak behar zituen itsasontziak eta Ubide Inperiala egiteko, Carlos III.aren garaian.

    Almazainek garraiatzen zituzten enborrak ibaian behera. Herrietan eta toki jakinetan zain egoten ziren erosleekin hitzartu ohi zuten salerosketa. Baina, prezioa adostea lortzen ez zutenean, ibaian behera jarraitzen zuten, prezio hobea adostu arte.

    Batzuetan Salvatierran edo Sigüésen bukatzen zen bidaia. Maiz askotan Zaragozaraino iristen ziren. Eta, inoiz, Tortosaraino ere bai. Herrietatik eta jaurerrietatik bide zorra edo castillajeak ordaindu beharra izaten zuten sarri.

    XX. mendean behera egin zuen almadien garraioak, errepideko garraioa hobetzean, eta Esako urtegia egitean guztiz galdu zen.

    Erronkariko mendietako pinudiak, pagadiak, izei basoak eta abar herri basoak izan dira beti. Ibarreko biztanleek Junta Generalaren baimena behar izaten zuten zuhaitzak edo zura saltzeko eta aurretik “motaje” eskubidea ordaindu behar izaten zuten.

    Egun oraindik ere ustiatzen dira basoak, baina baldintzak oso ezberdinak dira. Nafarroako Gobernuaren Baso Zerbitzuak ematen ditu zuhaitzak moztu eta markatzeko baimenak. Enkante publiko bidez esleitzen dira aprobetxamenduak, baso antolamendurik ez badago ere.

    Pagadiak eta izeidiak mozketa erdijarraituak eginez ustiatzen dira 150 urtean behin, eta lerdi gorriak baso soilketa edo arraseko mozketa bidez 80 urtean behin.

NEKAZARITZA

    Dagoeneko ez da neguko laborerik landatzen eta borda ondoko larrainak, lehenago laboreak soroetan jotzen ziren isla, lehengo oroitzapenak baino ez dira.

    Bidankoze inguratzen duten baratzak udaberriarekin batera esnatzen dira. Baratze horiek, oso emankorrak ez badira ere, aitzakia ona herritarrek denbora pasatzeko.

BIZIMODU BERRIAK

    Gaur egun Bidankozeko bizimodua asko aldatu da. Izan ere, enpresa txiki batzuk baino ez daude, gehienak familia egitura eduki eta hainbat esparrutan lan egiten dutenak.

Gaztagintza

 

 QUESERIA RONCALACT

 Tel.-Fax.: 948 47 70 96 (gaztagintza)

 Tel.: 948 47 70 13 (etxea)

 Posta elektronikoa: mjhualde@eresmas.com

 


 

 DIEGO ETXEA

 Tel.: 948 47 70 27

 

 


Zerrategiak

 

 

MADERAS JIMENO S.C.P.

 

Tel.: 948 47 01 55 (zerrategia)

Fax.: 948 47 1018

Posta elektronikoa: maderasjimeno@arrakis.es

 


Eraikuntza enpresak

URZAINQUI HERMANOS

Tel.: 948 47 70 29


 

Ostatua

 

   Landa etxea

   Ornat-etxea

   Vicky Artuch

    Tno.- 627 99 18 96

              948  47 71 79

    E-mail: ornat_etxea@yahoo.es

   www.ornat-etxea.com